ARPA Abogados Consultores, despacho de Abogados en Pamplona, San Sebastián y Valladolid

ZIRKULARRAK ETA ARGITALPENAK

Udalek beren zorrak ordaindu ahal izango dituzte

 

ENTE LOKALEK HORNITZAILEEKIN DITUZTEN ZORRAK KITATZEKO TRESNA BERRIA MARTXAN JARRI DA

Gaur egun ezaguna da oso gure inguruko Udal askok bolada txarra igarotzen ari direla, eta horren ondorioz, fakturak ordaintzeko arazoak izaten dituzte, batzuetan ordainketetan atzerapenak eta beste batzuetan ordea ez ordainketak egon ohi dira. Egoera horrek izugarrizko kalteak eragiten die obretako eta zerbitzuetako hornitzaileei.

Aipatutakoa gerta ez dadin, eta enpresen likidezia hobetzeko asmoarekin, igaro den otsailaren 25ean, 4/2012 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean. Errege Dekretuak, Udalek zorrak ordain ditzaten zorpetze eragiketak adosteko mekanismo bat ezartzen du, Ekonomi eta Ogasun Ministerioak bermatutakoa.

 

EGITEKO MODUA

Ente lokalek, Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministeriora beren zorren txosten bat bidali beharko dute 2012ko martxoaren 15a baino lehen. Txosten horretan, kontratista nor den, ordaindu gabeko zenbatekoa, ordainketa egiteko eskaera data, eta ez ordaintzeagatik epaiketa prozesurik hasi den zehaztu beharko da. Datu horiekin, publikoa izango den zerrenda bat argitaratuko da, honela, kontratista bakoitzak nahi duen informazioa egiaztatu ahal izango du.

Esandakoaren ostean, ente lokalek Doikuntza finantzario Plana bidali beharko dute martxoaren 31 baino lehenago, eta bertan aurreikusi beharko dute, besteak beste, Estatuak bermatuko duen zorraren amortizazioa.

Azkenik, Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioak Doitasun Plana onartzen duenean, hornitzaileek dirua jaso ahalko dute kreditu entitateengandik zuzenean, beti ere, aurrerago aipatuko ditugun baldintzak jarraituz.

 

ZEIN ZORREZ ARI GARA?

Errege Dekretu Legea ente lokalen eta menpeko sail publikoen zorrei buruz aritzen da. Bertan, 1463/2007 Errege Dekretuan ezartzen den Sail Publiko Lokalen Inbentarioa sartu behar dela adierazten da. Hala eta guztiz ere, Autonomi-Erkidegoek ezingo dituzte neurri hauek aplikatu, hau da, Errege Dekretuak dio euren zorrak bazterturik egongo direla, baita Estatuaren Administrazioaren zorrak eta Gizarte Segurantzarenak ere.

Bestalde, entitate lokalek dituzten zor guzti guztiak ezingo dira sartu prozesu honetan, soilik ondorengo baldintzak betetzen dituzten zorrek:

  • Gainditutako zorrak, zor likidoak eta zor galdagarriak.
  • Entitate lokalen erregistroan 2012ko urtarrilaren 1a baino lehenago inskribatu diren fakturak.
  • Kontratazio Publikoen legediaren pean (3/2011 Legegintzako Errege Dekretua) eginiko obrak, zerbitzuak, edo hornikuntzak direnean.

 

LEHENTASUNAK KOBRATZERAKOAN

Esan dugun bezala, Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioak Entitate Lokalen Doitasun Plana onartzen duenean eta ondorioz, zorpen operazioak onartzen dituenean, hornitzaileek kobratu ahal izango dute, kreditu entitatean dagokion dokumentuak aurkezten badituzte.

Hala eta guztiz ere, zor kopurua handia den kasuetan, Errege Dekretuak formula bat aurreikusten du, lehentasunezko ordainketak alegia. Ondorengo ezaugarriak bete beharko dira kasu hauetan:

  • Kontratistak printzipalari deskontu bat eskaini izana.
  • Ordaindu gabeko zorra izatea eta hura judizialki erreklamatua egotea 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen.
  • Zorraren antzinatasuna.

Zorraren ordainketak bere iraungipena dakar, eta horrekin batera, interesak, prozesu-kostuak, eta edozein gastu osagarri ere iraungitu egingo dira.

 

ARAUDIAREN GARAPENA

Oraindik ere, ez dago oso garbi zer gertatuko den zenbait kasutan. Esate baterako, zordudundutako printzipalean desadostasuna baldin badago; edo araudia aplikatuko ote zaien zerbitzu publikoen kudeaketen kontratuei edo kontzesio publikoen kontratuei; edo ez dakigu zer gertatuko den Doitze Planarekin, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak onartzen ez badu.

Aipatutakoa, Errege Dekretuak aurreikusten duen araudiaren garapenean agertuko da, beraz, datozen berrikuntzei adi egon beharko dugu.

 

ARAUDIAREN EZARPENA NAFARROAN

Esandakoaren ildotik, eta jakinik Nafarroako Foru Erkidegoak erregimen lokalean eskumen esklusiboa duela, oraindik jakiteke dago Errege Dekretu hori Nafarroan aplikagarria izango den. Guzti hori ondorengo egunetan argituko dizuegu.